XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iruñeko Udalaren literatur lehiaketak (1882-1928)

Lehen aroa (1882-1886)

EUSKAL PIZKUNDEAREN OINARRIAK

Joan den mendearen erdialdean Euskal Herria jota zegoen. Foruen galerak etsipenaren sentimendua biztu zuen askorengan, eta hortik jaioko ziren guda karlistek herria zatitu eta pobretu zuten. Garaiak ez zirudien helburu poetikoendako aproposa baina..., hala eta guztiz ere, euskara jorratu, zabaldu eta duintzeko orduan sortu ziren saialdiak ez ziren, historian lehendabiziko aldiz, bakar batzuen prediku hutsal eta isolatuak izango.

Giro politikoa lagungarri izan zen, bistan da, hirugarren guda karlistaren ondotik eratu zen fuerismoaren gorakadarekin ernetu baitzen, minoria kultoen artean, hizkuntzaren eta Euskal Herriaren historia hobeto ezagutu eta sakontzeko halako jarrera. Erromantizismoak ere paratu zuen berea.

Europako hizkuntz gutxiagotuen ikerketak Herder, Von Humboldt edo Victor Hugo bezalako kultur gizonen arreta erakarri zuen bezala hemen Bonaparte eta Abbadia izan genituen, alde handi samarrez izan ere: aurrekoek friulera, okzitaniera edo bretoierarekin inoiz sentitu ez zuten hurbiltasunaren epelak euskaltzaletu zituen biak betirako. Horiexek egin zuen bi gizon hauen lana erabakior; haiei esker hizkuntz kontzientziazioaren korrontea zabaldu zen Euskal Herrian.

Bi oinarri hauen gainetik fuerismoa, alde batetik; Bonaparte eta Abbadia, bestetik eraiki zen euskal literaturaren pizkundea deitu izan den mugimendua.

Luis Luziano Bonaparte (Thorngrowe, Ingalaterra, 1813-Fano, Italia, 1891) funtsezkoa da. Koldo Mitxelenak dioenez, Printzea mendearen bigarren erdialdeko euskal literaturaren erdian egon zen, bera izan zen akuilu eta erreferentzia. Euskararekin bere interesa finougriera, zeltiera edo erromantzea bezalako hizkuntzak ikertu ondoren piztu zitzaion baina, besteekin ez bezala, geureari urte askotako lana eskaini zion.